XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gramatika, euskal-gramatika, landua izan da aspaldidanik, eta ongi landua ere bai, zenbait arrotzek aitortzen duenez.

Ez da, haatik, esan horrenbestez gramatikaren eremu osoa, alor eta soro, erabat eta berdintsu aitzurtua zegoenik.

Gramatikaren bi zati izan dira, oker ez banago, biziki gogoko izan ditugunak, besteen kaltetan zenbait aldiz: morfologia (eta morfologiaren barrutian, aditz-morfologia izan da beti nagusi) eta, hortik urruti xamar, hitzeraketa.

Sintasia, berriz, oraingo zenbaitentzat (eta XVII. mendeko Sanchez de las Brozas-entzat) gramatika osoaren pare dena, erromes eta umezurtz ageri da sarriegi: ez duzue, diodanaren lekuko, Ithurry-ren Grammaire basque zabaltzea besterik.

Gure arteko erregelaren ondorio baita, ez inolazko salbuespen.

Batasun-bideetan ere, morfologia izan dugu nagusi, hala beharrik.

Formari lotu baikintzaizkion lehenik, zentzu-muinean sartu aurretik, eta ez zen burugabeko jokabidea.

Axaleko ñabardurak dira, izan ere, nabarmenak eta itxurari gengozkiola sakoneko bereizkuntzak tapatu genituen, zikin garbinahiak egin ohi duenez.

Orain, ordea, goragoko mailara igoak gara eta formak oraingoz ahatz genitzake.

Formarik gehienak, premiazkoenak behinik-behin, batuak daude.

Inork esan dezake paperean daudela batuak, baina ez da agian konturatzen ez dela batasunik paperetik abiatuko ez denik.

Badakit, ohartzen naiz, zenbat falta zaigun eginbide horretan bertan, baina hutsune hori hutsaren hurrengo da bestetan eskas dugunaren aldean.

Bestetango hori hauxe da: forma soilak nola erabil jakin behar dugu eta, jakingo badugu, nola erabili eta erabiltzen diren aztertu.

Gramatika bideak, diodan bidenabar, bat baino gehiago dira (gehiegixko ere bai, ikasi behar dituztenentzat), baina guztiek helburu batera daramate.

Nahiz gramatika harako filologiko-historiko gisakoa izan (a, Ausfuhrliche Grammatik derizten haietakorik bagendu gurean!), nahiz tradizionalista, nahiz estrukturalista, hemengoa zein Ameriketakoa (sintasi kontuan aski elkorra izan da, Europan behintzat, joera hau), nahiz gisa bateko edo besteko sortzaile eta bilakatzailea.

Izen berezien azpian izan komuna datza: hizkuntzaren joskera, aspaldiko hitzak oraindik ere balio baldin badu.

Nik ez dakit zer esan hauta ditzakegun aztergaiei buruz.

Dena ez bada ere, egiteko dago gehientxoa.

Arrasaten irakurri ziren lanak ez ditut, zoritxarrez, ezagutzen oraindik.

Halaz guztiz, eta eskatu zidatelako bakarrik, gai-zerrenda aurkeztua dut neronek, gehitzekoa, laburtzekoa, moztekoa edo zeharo ezabatzekoa.

Har genitzakeen bideen artean, bat iruditzen zait hobestekoa.

Hor ditugu hemen, gure artean, agertu diren lanak, artikuluak eta liburuak: ez dut inor aipatuko, besterik ixilpean geldi ez dadin merezi ez duelarik.